
Euskal kulturaren patriarka eta gaur egungo ikerlarien maisua, zientzia maila eman zien Euskal Herriaren inguruko ikerketei, batez ere historiaurre, arkeologia, antropologia eta etnografiaren inguruan.
Lehen ikasketak Ataunen egin ondoren, Baliarraingo Oharkaritzara joan zen. Eskola ez ei zitzaion gustatzen, neurri handi batean ikasketak gaztelania hutsean egiten zirelako eta berak erdaraz ez zekien ondo.
Gasteizko Seminarioan Filosofia eta teologia ikasketak egin zituen. Bere kabuz Irakasle ikasketak egin zituen soziologia, geologia eta fisika sakontzen zituen bitartean. Hizkuntzek ere garrantzi handia zuten bere formazioan, gaztelaniaren akatsak gaindituta, ingelesa, frantsesa eta alemana ere ikasi zituen.
Seminarioan, Gerra Zibilera arte fisika irakasle lanetan aritu zen.
1916an bere ikerketa lanak bideratuko zituen gertakizun bat izan zen. Ataungo ohituren arabera "Azken jentilen hilobiak" omen zirenak ezagutu gurean, Aralarrera abiatu zen.
Bertan, harlauza baten gainean eserita zegoela masailezur zati bat aurkitu zuen. Inguruan zegoen mutil batek kontatu zion jentilen amaieraren legenda, non kontatzen zen Kixmi etorri zenean, Jentilak Jentillariko lauzaren azpian desagertu zirela.
Inguruan aurkitu zituen bederatzi hilobiak trikuharriak ziren, eta hauei esker harremanetan jarri zen Telesforo Aranzadi eta Enrique Egurenekin. Gerra Zibilak sakabanatu zituen arte, hirukote honek euskal historiaurrea ikertzeko egin diren lan garrantzitsuenak burutu zituen metodologia zientifikoa ezarriz. Indusketa sistematikoak egin zituzten Euskal Herri osoko haitzulo eta trikuharrietan.
Joxe Mielek arkeologia lanez gain euskal etnografia ikertzen ziharduen, honen fruitu Eusko Folklore Elkartearen sorrera izan zen, eta honen bitartez argitaratutakoak "Anuario de Eusko Folklore" eta "Eusko Folklore. Materiales y cuestionarios".
Nazioartean harremanak zituen bere arloko punta-puntako zientzialariekin: (Abate Breuil, Obermaier, Wilhelm Schmidt...) eta hainbat elkarteren kide izendatu zuten.
1936. urtean Ipar Euskal Herrira joan zen. Frantziako Museoen dirulaguntzarekin Iparraldeko historiaurreko ikerketa eta etnografia ikerketak egiten hasi zen.
1941ean Saran kokatu zuen bere bizilekua.
Ikerketekin jarraitzeaz gain, Gerra Zibilaren ondorioz etenda gelditu ziren ekimenei jarraipena emateaz ardura handia izan zuen. Horrela IKUSKA (Euskal Ikerketarako Institutua) sortu zuen Eusko Folklore Elkartearen testigua hartuz. "RIEV"en (Revista Internacional de Estudios Vascos) hutsunea betetzeko sortu zuten "Eusko Jakintza" aldizkariaren zuzendaria izan zen.
Urte hauetan nazioarteko erakunde eta biltzar ugaritan parte hartzen jarraitu zuen (Londres, Oxford, París, Brusela e.a.).
On Joxe Mielek Ataunera itzuli gura zuen. Gipuzkoatik hainbat ahalegin egin ostean, Salamancako Unibertsitateko Errektorea zen Antonio Tovarrek "Catedra Larramendi" inauguratzeko gonbitea izan zen herrira bueltatzeko abagunea. Berton indusketa lanetan jarraitu zuen Euskal Herri osoan zehar.
Handitu... Berriro zenbait unibertsitate eta erakundeetatik gonbidapenak jaso zituen eurekin lan egiteko, baina etxetik gertu egon nahi zuela-eta, onartu zuena Nafarroako Unibertsitatearen "Euskal Etnologia Catedra" izan zen. Honen inguruan ETNIKER taldea sortu zuen, eta bere eginkizun nagusia landa-lanak egitea izan zen. Nafarroatik Euskal Herri osora hedatu zen, izan ere, "Euskal Herriko Atlas Etnografikoa" gorpuzten jardun baizuten.
1976an Eusko Ikaskuntza berpiztu beharra azaldu zuten eta Batzorde Iraunkorreko kideek aho batez izendatu zuten lehendakari.
Egin zizkioten azken aintzatespenen artean "Honoris causa" tituluak ditugu, hain zuzen, Euskal Herriko Unibertsitatea (1978), Deustuko Unibertsitatea (1986) eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea (1987). Horietaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak "Probintziako Seme Kuttun" izendatu zuen eta Eusko Jaurlaritzak "Gernikako Zuhaitzaren Gurutzea" eman zion.
Bere jaioterrian hil zen 101 urte zituenean.
Informazio gehiago lortzeko jo helbide hauetara: